Gabriel ArestiGizonaren ahoa (Harrizko Herri Hau, 1971)

Euskal hizkuntza ez da auzokoak baino zaharragoa, ez modernoagoa, termino absolutuetan mintzatuz; baina zentzu erlatiboan bai, zaharragoa da: zaharragoa da in situ, askoz ere lehenagotik sustraituriko auzoa da, Europako alderdi honetan.

Koldo MitxelenaLa lengua vasca, 1969

Hizkuntza da nortasuna dakarrena, eta bere jatorri eta ahaide ziurrak ez ezagutzeak, ezinegona ez baina jakin-nahia eragiten du, besterik ez bada. Hizkuntza zurtza da oraingoz euskara Europaren bihotzean.

Hasier EtxeberriaEuskararen jatorria dokumentala, 2011

“Egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria”

(Koldo Mitxelena)Biografia ikusi

Orain duen lurraldean bertan sortu zen euskara, historiaurrean, antzinako nomadismoa utzi eta gizataldeak lurralde jakin batean egonkortu zirenean. Euskararen inguruko lehen datu fidagarriak K.a. 5000. urte ingurukoak dira. Euskarak oraingoa baino hedapen geografiko zabalagoa zuen antzina: Ebro ibaitik Garona ibairaino heltzen zen eta, Pirinioetan, Kataluniako lurretaraino.

Euskara da antzinako europar hizkuntzen lekuko bizi bakarra. Hizkuntza indoeuroparrak Europara iritsi baino lehenagokoa da (K.a. 4.400 inguruan). Latina Europa osoan nagusitu zenean ere, euskarak bizirik iraun zuen. Latinaren ondorengoak diren hizkuntza erromantzeak hedatu ziren gero, baina euskaldunek eutsi egin diote beren mintzairari.

Koldo Mitxelena

Koldo Mitxelena Elissalt, hizkuntzalaria eta idazlea, nahitaezko erreferentzia da euskal hizkuntzaren ezaguera, susperraldi eta gaurkotzean. Errenterian jaio zen 1915ean. Francoren diktaduraren kontra borrokatu zen, frontean eta klandestinitatean. Hiltzera kondenatu zuten. Kartzelan hasi zen Filosofia eta Letrak idazten, eta 1951n, jadanik aske, Filologia Klasikoan lizentziatu zen. 1959an Doktoregoa eskuratu zuen, Euskal Fonetika Historikoa tesiarekin.

Euskaltzain osoa zelarik, 1968an euskal hizkuntza batzeko, euskara batua osatzeko irizpideak finkatu zituen. Irakaslea izan zen Salamancako Unibertsitatean, Sorbonako Unibertsitatean, eta, azkenik, Euskal Herriko Unibertsitatean, zeinaren bultzatzaile nagusietako bat izan baitzen. Mitxelenaren lana funtsezkoa da euskararen ezagutzan: Historia de la literatura vasca (1960), Fonética histórica vasca (1961), Textos arcaicos vascos (1964), Sobre el pasado de la lengua vasca (1964), Mitxelenaren Idazlan Hautatuak (1972), etab. Euskal hizkuntzaren hiztegi orokorraren zuzendaria izan zen (Orotariko Euskal Hiztegia).

Donostian hil zen 1987. urtean.