Bloga

Ramon Etxezarreta: “Euskara hizkuntzagoa izan behar da sinbolo baino”

Ramon Etxezarretaren diskurtsoa urrundu da gehien orain artean egin diren bisitetatik, eta baita, erakusketaren beraren planteamendutik ere. Kritiko agertu zen erakusketaren zenbait aspekturekin, eta pena izan zen saioak duen denbora-mugaren ondorioz, bere ekarpenetan gehiago sakondu ahal ez izatea.

Edonola ere, ados egon edo ez, eskertzekoa izan zen ikuspuntu berriak entzuteko aukera.

Bere post-it propioak ekarri zituen Ramonek. Zenbait idazlek idatzitako pasarteak irakurri zituen bisitan zehar, bere jardunerako sarrera egin edo hori osatzeko; erakusketan zehar dauden post-it ek Badu Bada osatzen duten era berean.

Hala Kirmen Uriberen Mussche eleberritik ateratako pasarte bat irakurriaz hasi zuen bisita Ramonek. Pasarte horretan gutun bat bidaltzen dio erbestean dagoen pertsonaia batek hemen dagoen beste bati, eta hori zein hizkuntzatan idatzia izango ote zen pentsarazi zion Ramoni. Hizkuntzen inguruko gogoetarako abiapuntu.

“Elebiduna ez den gizarte batean, nere ustez, euskerak ez luke etorkizunik”

“Kondizional gehitxo daude hemen” esan zuen Ramonek hirugarren aretoan. “Elementu pasibo gehiegi daude. Tratamendu kolektiboa dauka, baina norbanakoak bere egiten ez badu, jai du euskerak”. Ekintza horiek jendea bereganatzeko izan behar dira horregatik izan beharko luke areto honetan esaten denak ezberdina, “maite bazaitu, balio badizu…” adibidez.

Saretik etorri zen Ramonen bigarren post-it-a. 31 Eskutik blogean Juan Luis Zabalak idatzitako artikulu batek sortu duen zalaparta ekarri zuen Badu Badara: Elebakartasunaren aberastasuna. Hor idazleak berak, eta iruzkinak egin dituzten hainbat bisitarik elebakartasunak dituen abaintailez eta desabantailez mintzatzen dira. Ramonek argi du: “elebiduna ez den gizarte batean, nere ustez, euskerak ez luke etorkizunik”, horregatik “elebakartasunaren aldeko aldarria zilegi da, baina ez da reala gaur egun”.

Elebitasunaren gaia behin baino gehiagotan ateratzen da Badu Badan, ezin baitugu ahaztu gure eremuaren errealitatea dela. Bederatzigarren aretoan erakusten da hori bere espresio dramatikoenean. Estres linguistikoaz hitz egiten denean.

“Ez dakit oso ados nagoen ni bideo honekin. Eta ados nagoen edo ez nagoen erabakitzera behartuko banindute, seguru aski, ezetz esango nuke”. Bere ustez, ez da egia elebiduna denak halako estresa sufritzen duenik. “Bi hizkuntza dakidanaren erosotasunean bizi naiz, bakarra jakitea estresanteagoa da bi jakitea baino”. Eta adibide gisa jarri zuen, prentsan (Diario Vascon) zutabeak euskaraz idazten dituenean jende gehiagok esaten diola ez duela ulertzen, gazteleraz idazten duenean baino, eta beraz, elebakarrari sortzen zaiola arazoa, ez elebidunari.

Iban Zaldua  ekarri zuen erakusketara puntu honetan Ramonek. Iban baino gehiago, berak idatzitako azken liburuaren pasarte bat, Idazten ari dela idazten duen idazlea.

Lege aldetik inoizko egoerarik onenean dago euskara

Euskal Herriko mapa erakusten da seigarren gunean, baina hirutan banatua, egungo banaketa administratibo-politikoari erreferentzia eginez. “Oraingoz ez du beste ilustraziorik”, horregatik, “errepresentazio honestoa” da Ramonen hitzetan. “Egia da zatitze hori hizkuntzaren kaltean doala, baina, lege ikuspuntutik inoiz izan degun egoerarik onenean gaude, horrek ez du esan nahi hobetu behar ez degunik, baina hori onartu egin behar degu”.

Etimologikoki “euskaldun” euskara duena da, ez zen esanahiak dituen ñabarduretan sartu (Iñaki Perurenak eta Harkaitz Canok bai eman zituztela beren ikuspuntuak horren harira). Baina ados agertu zen “euskaldun” eta “euskal herritar” adieren ezberdintasunarekin. “Euskaldun eta euskal herritarren arteko ezberdintasuna onartu egin behar da, baina nekez ukatu inori euskalduntasuna, eta hori egiten da”.

Euskararen iraupenari lau aditzekin erantzuten dio Badu Badak: erabili, maitatu, ikasi, irakatsi, baina arrazionalitatean gehiago sinisten du Etxezarretak. Horregatik da erabili, ikasi eta irakastearen aldekoagoa, maitatzearen aldekoa baino. “Maitatu norberak egin behar du, maitasuna kolektibo batean delegatu da, eta hori egiten denean beste arazo batzuk sortzen dira…”.

Besteak beste, horregatik ere, erakusketak dituen aretoen ordena aldatu egingo luke Ramonek, eta Gozatu, Jolastu, Maitatzearen aurretik jarri. Lehen bi aditzak baitira funtsezkoagoak euskararentzako. “Topikoa bihurtu da euskarak umorea behar duela, baina azkenaldian eskatologiko xamarra ari da bihurtzen euskarak duen umorea. Hori findu egin behar da”. Izan ere, umorea eta ironia dira hizkuntza bat hitz egitearen azken fasea. Nolabait, hizkuntza hori menperazten duzunaren seinale.

Sortzaileen beharra

Kultura, euskarazko sorkuntza da Ramon Etxezarretari satisfakzio gehien ematen diona. Akaso, horregatik, kontentu ikusten zitzaion Murgiltzearen aretoan. “Euskera hizkuntzagoa izan behar da, sinbolo baino, eta horregatako sortzaileak behar ditugu, jende jantzia”.

Ikuspegi horretatik egin zuen ere euskaltegiek beren lehen urteetan egin zuten ekarpenaren balioaren irakurketa. “Euskara ikasten hastea, kultur aportazioa izan zen askorentzat. Euskara ikastetik hasi, eta gero beste formazio mota batzuk jasotzera animatzen zen jendea”.

Ez adiorik kritikarik gabe

Ezin erakusketa amaitu, azken kritika egin gabe. Bertsotan eta Atxagaren bideo batekin agurtzen du Badu Badak bisitaria. “Txarrerako eta onerako inebitableak diren bi elementu dira. Atxaga oso idazle ezaguna da hemendik kanpo ere, nahiz eta hemengo askok gazteleratik bueltan ezagutzen duten.

Hala ere, bertsolariekin ikusi zuen arazorik handiena. “Euskaraz ematen da agurra, eta gainera, euskarak duen elementu ulergaitzenarekin. Erdaldunek eta bertsoak ulertzen ez dituzten askok ez dute agurra ulertzen. Problema hori ikusten diot honi”. Beste ikono batzuk nahiago lituzke Etxezarretak gune honetarako.

Gaizki hezitakoa al da erakusketa erdaldunekin?

Volver