Bloga

Iñaki Perurena: “Hizkerak, hezikerak eta izakerak egiten du bat euskaldun”

Bihotzetik egin du Iñaki Perurenak bere Badu Bada. Halaxe jarduten da bere etxean ere, Peru Harrin. Natural. Hori jaso dute gaurko 20 bisitariek, hasieratik sartu baitira jokoan, elkarrizketa gisako batean. Argi utzi du hori hasieratik Perurenak berak. “Bisita hau ez dut nik egingo, denok egingo dugu, taldean”. Esan eta izan.

Halaxe esaten da ere, hitzekoak garela euskaldunak. Hain zuzen, horixe da Iñakik euskaldunen inguruan atzerrian entzun duen gauzarik “potenteena”. Argentinan izan omen zen, duela urte asko, “palabra de vasco” entzun zuenean. Antza, euskaldun izatea euskaraz hitz egitea baino gehiago da Iñakirentzat. “Hizkerak, hezikerak eta izakerak egiten du bat euskaldun”.  Motz geratzen da beretzat “euskalduna euskera duena” dela esatea.

Seigarren gunean  (Euskararen herria) atera da hori; Badu Badak azaltzen duenean Euskaldunak bere burua hizkuntzaren bidez definitu izan duela; beste gizatalde batzuek, nongotasuna edo lurraldetasuna lehenetsi izan dutenean. “Txinan euskara ikasi duen bat, euskalduna da ala?” Ez, Iñakiren ustez.

Euskal Herria(k)

Euskal Herria euskararen herria bada, “Renon Euskal Herritxo bat dago”. Renon, eta euskara hitz egiten den diasporako txoko guztietan. “Azkenean leku horietan dagoena komunitate bat da, eta komunitatea herri bat da”. Hain zuzen, hori dio Badu Badak ere, erabili ahal izateko komunitatea behar duela hizkuntzak. Euskaraz norekin hitz egin, zer irakurri, zer entzun…ez badago, ez delako hizkuntza erabilgarri izango, eta ez duelako, beraz, iraungo.

Oteiza

Gizon jantzia da Iñaki, ezagun zen hori eta horregatik Badu Badan agertzen ez diren aipu eta autoreak ekarri ditu erakusketara. Iñakik ekarritako post-it-ak direla esan genezake.

Oteiza aipatu du: “hizkuntzen arteko ezberdintasun haundiena ez da fonetika, zeru-lurra lotzeko era baizik”. Bat egin du baieztapen horrekin, eta Oteizaren teoria batekin lotzen du ere Nabar-en (Navarra) zentzua.  “Bar” Oteizaren arabera hutsa zela kontuan hartuz, Nabar “nere zuloa, nere txokoa da; baina badakit hori nere pentsamenduak direla, nere burutazioak”.

Bere txoko horrekin, Nafarroarekin, hartu du pena Perurenak, erakusketaren atal batek baitio Nafarroan hamar lagunetik bakar batek bakarrik hitz egiten duela euskaraz, lehen “euskera hitz egiten zen eremu gisa identifikatzen zen lurraldean… Zenbat aldatu diren gauzak…”. Pentsakor igaro da hurrengo aretora.

Euskarak iraungo du babesa badu

Asko aldatu da bai egoera Euskal Herriko leku batzuetan, “euskarak babesik izan ez duelako”. Hain zuzen, Iñakiren iritziz hizkuntza bizirik da babesa badu eta erakargarria bada. Bi hitz horiek aukeratu ditu Hizkuntza biziaren aretoan dauden (eta egon litezkeen) hitz guztien artean. Hizkuntza bizirik da erakargarria bada. Behin aditu omen zion Andoni Egañari hizkuntzak seduzitu egin behar duela eta orduan erabiliko dela. Grabatua geratu zitzaion. Eta hizkuntza bizirik da babesa badu. “Aurrera jarraitzeko zenbait gauzei babesa eman behar diegu. Haurrei bezela. Gure burua baliatzen ikasi behar dugu, baina egoera batzuetan babesa, laguntza, behar dugu”.

Babesa era askotan eman dakiokegu hizkuntza bati. Baina modu bat hizkuntzari estatua ematea da, “horrek sendotu egiten du hizkuntza; mugak hizkuntza babesten duela esan genezake” esan du estatuen eta hizkuntzen arteko muga ezberdintasunak erakusten dituen maparen aurrean.

Hala ere, eta zailtasunak zailtasun, “euskarak badu etorkizuna eta bada gai etorkizuna izateko”.

Perurenaren Badu Badan bildutako perla batzuk patrikan abiatu dira etxera ikusleak. Baina Iñaki bere azkena utzi gabe ez da Leitza aldera joan.

“Museo batek zertarako behar duen izan gaur oso ondo ulertu dut” , Iñaki Perurena

Hurrrengo hitzordua, Ibon Sarasolarekin izango du Badu Badak.

Volver