Bloga

Harkaitz Cano: “Munduko zein beste lekutan da arazo gehiago jakitea gutxiago jakitea baino?”

Ikusmina piztu zuen Harkaitz Canoren bisita gidatuak. Idazle errekonozitua eta saritua da, baina, gainera, erakusketako gidoilarietako bat ere bada. Eta horrek ematen zion bisitari besteek izango ez duten aukera bat: erakusketaren tripak ezagutzekoa.

“Euskararen inguruan erakusketa asko egin daitezke baina, guk ez genuen ezer historikoa egin nahi, eta egin zitekeen bide zailenetik egitea erabaki genuen: erabilerarenetik”.

Gidoia idaztea proposatu ziotenean Harkaitzek ez zekien erakusketek gidoia izaten zutenik ere. Hala aitortu zuen. “Badu Badak badu gidoia, eta pelikulek bezala, honek ere badu hasiera, korapiloa eta amaiera ”.

Erakusketaren hasiera, lehen aretoa, “reset” egiteko aukera da. Nolabait buruan duguna ezabatu eta gaiari hutsetik heltzeko aukera. Horregatik ekiten zaio erakusketari hotsak entzunez, hots asko eta denak nahastuta, adieraziz hizkuntzak oinarri-oinarria hotsak direla.

“Hotsetatik hitzetara pasatzen ez den hizkuntza galdu egingo da, eta berdin gertatzen da sistema binarioarekin ere. Sistema binariotik hitzetara pasatzen ez den hizkuntza galdu egingo da”. Horretan egoera onean ikusten du euskara Harkaitz Canok. Izan ere, iraultza gehienetara euskara berandu iritsi den arren, ez da hala gertatu internetarekin, eta hori euskaldun askoren errefleju azkarrei esker lortu da”.

Izan ere, euskara interneten egoteari garrantzi handia aitortzen dio Harkaitz Canok (eta Badu Badak), “gaur egun komunitatea sortzeko era bat da internet”, eta komunitatea egoteak ahalbidetzen du azken finean euskarak irautea.

Erritmo atsegina eman zion Harkaitzek bisitari, bere hizketaldi labur, neurtu eta landuak isiluneekin eta bisitariekin solasteko tarteekin tartekatzen baitzuen.

Hizkuntza bizirik da… Sexya bada

Hori gehitzea proposatu zuen Harkaitzek Hizkuntza bizia aretoan (hirugarrenean) ageri diren baldintza guztiei. Baina, antza, bere proposamena ez zen aintzat hartu. Hori erreibindikatzeko parada hartu zuen beraz.

Erakusketa paraleloa

Badu Badak badu erakusketa paraleloa. Post-it-ak dira horiek. Autore ezagunek egindako adierazpenak daude erakusketan zehar paretean itsatsiak eta horiek erakusketaren diskurtsoa osatzen dute. Asko geratu zen Cano horietan, eta bere iritziz ederrak direnetako batzuk aipatu zituen.

Von Goetheren hau: “Atzerriko hizkuntzak ezagutzen ez dituenak bereaz ezer ez daki”. Edo Umberto Ecoren beste hau:

Misterioaren kripta

Euskararen jatorria misterioa da, hipotesi asko daude horren inguruan “gustokoena aukera dezakezue”. Erakusketa oso bat egin zitekeen horren inguruan baina ondorioa ezer ez dakigula litzatekela gaineratu zuen Canok. Horregatik da bosgarren aretoa beltza. “Misterioaren kripta delako” eta horma beltz handiaren gainean ageri da erakusketako letra tamaina handienean esaldi garrantzitsuena, Koldo Mitxelenarena “Euskararen benetako misterioa iraupena da, ez jatorria”.

“Gainera nahikoa gauza absurdoa da hizkuntzak datatzea” gehitu zuen, “denak baitatoz zaharrago baten deformaziotik”.

Euskal Herria euskaldunak aretoan bere egin zuen Iñaki Segurolari entzundako aipu hau: “Euskalduna ez da euskaraz dakiena, euskaraz hitz egiten duena baizik. Jostuna josi egiten duena den bezalaxe”, ixilunea utzi zuen ondoren. Nonbait gustoko duen hausnarketarako bidea da, hori utzi baitzuen bisita liburuan.

 

“Erakusketa esperientzia fisikoa da. Nekatu egiten duen esperientzia fisikoa. Horregatik jarri ditugu hemen besaulkiak. Eseritzeko eta entretenitzeko”. Hain zuzen, areto horretan, Gozatu, Jolastu, bota zuen saioa amaitzeko azken galdera estrés linguistikoari erreferentzia eginez.

“Zenbat erabaki hartu behar ditu elebidun batek mikrosegundo batean? Norbaiti kalean nahigabe oina zapaltzean barkatu edo perdón esan… Arazo bat da gehiago jakitea gutxiago jakitea baino. Munduko zein beste lekutan da hori arazo?”

Erantzuna zuen esku.

Volver